Larreder-Pagomakurre-Arrabako landak

 

Arrabako landak (1066 m)


IBILBIDEA:

Hasiera eta amaiera: Larreder aparkalekua

Ibilbidea: Joan eta etorri

Luzera: 9,2 km

Denbora: 2 ordu eta 30 minutu

Zailtasuna: Erreza


Ibilbide hau egiteko, Areatza (Bizkaia) herrira joko dugu. Bertara heltzeko; Bilbotik zein Gasteizetik, N-240 errepidetik kotxean helduko gara. Areatzara heltzean eliza ondoan, Astondoa Pirotekniara doan errepidetik joango gara eta handik zuzen-zuzen jarraituko dugu Pagomakurrera joateko bidea hartu arte.

Areatzara kotxez heltzeko; Bilbotik 33 minutura, Donostiatik 1 ordu eta 22 minutura eta Gasteizetik 42 minutura.

Kotxearekin 15 minututan, Larreder aparkalekura helduko gara. Bertan kotxea aparkatu eta ibilbidearekin ekingo diogu.



Larreder aparkalekua eta bertatik ikusten den paisai ederra.

Aparkalekuan bertan gezi batzuk ikusiko ditugu. Eta guk, Pagomakurrerako bideari seinalatzen dion geziari jarraituko diogu.

Larreder aparkalekuan dauden geziak.

Ibilbidearekin hasiko gara. Larreder aparkalekutik ia 2 kilometrora, Pagomakurreko aparkalekura helduko gara. Aparkaleku bien artean ez dago distantzia handirik eta aldapa gutxi igon beharko dugu. 

2 kilometroak egindakoan, Pagomakurreko aparkalekura (878 metro) helduko gara. Bertara heltzean, zuzen jarraituko dugu eta Gorbeieko kurutzera joateko bidea hartuko dugu.

Arrabara joateko markatzen duen gezia (2,8 km).

Bidearekin jarraituko dugu, galtzeko arriskurik ez dago beti bidean goazelako. Ia 900 metrotik 1066 metrora igon behar dugunez, 40-50 minutu behar dira Arrabara heltzeko.

Ibilbidea egin nuen egunean; elurra mara-mara, behe lainoa eta haize zakarra izan nuen. Argazkietan ez da bidea oso ondo ikusiko. 



Pagomakurretik Arrabara joateko bidea zuri-zuri eta paisai itzela.

 
 
Paisai txuri-txuria eta zaldiak elurretan.
 

Zamburu (794 metro) aurrez-aurre.

Bidean zehar paisai ederrak ikusi ostean, Arrabako landetara (1066 metro) helduko gara. Bertan; Gorbeieko kurutzera, Itxinara, Lekandara, Arrabako aterpetxera eta hainbat ibilbide desberdin egiteko aukera izango duzue.

Arrabako landetako argazkiak:




 Joan ginen egunean, 25 zentimetro elur pilatuta zegoen, haize oso zakarra egiten zuen eta ez zen ia ezer ikusten zegoen behe lainoarekin. Denbora oso gutxi eman genuen bertan eta berriz buelta eman genuen, Pagomakurrera helduz eta handik ibilbidea hasi dugun lekura, Larreder aparkalekura.

Ibilbide hau familian joateko oso aproposa da, elurretara bazoazte hobe da eguraldi ona egiten duenean joatea.

Gaur Abenduak 31, (urteko azken egunean) ehunka pertsona Gorbeiara, Anbotora, Aizkorrira, Txindokira eta beste hainbat mendi gailurretara igotzen dira urteari amaiera emateko. Nahiz eta urte kaxkarra izan dugula, jendea animatzen da mendietara joaten eta ikuspegi zoragarrietaz gozatzen.

Urte Berri On guztioi eta mendiaz gozatu!!!

                                                                                                                       





 


 



 


Comentarios

Entradas populares de este blog

ABENDUKO PORTADA

Urriako pordada

Urkiola-Urkiolamendi (1009 m)-Pol pol iturria